XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eztul egin nuen morroiak bizkarrean kolpetxoak ematen zizkidan bitartean.

- Barkatu ugerdotzat jotzeagatik, adiskide.

Merezi duzu, baina.

- Ados. Ba al daukazu zigarro bat pozoia pasatzeko?

Alkandoraren poltsiko batetik bi zigarro luze atera zituen, bat eskaini zidan, eta sua ematerakoan ergel bati begiratzen zaion bezala begiratu zidan begietara.

- Beno, bota behingoz.

- Zu bazkatzen ari dira, adiskide.

Urde bat bezala.

- Ez dizut hitzik ulertzen.

- Jainko jauna, erruki zaitez ugerdoekin!

Bazkatzen ari dira, adiskide, baina ez hiltokira eramateko.

Ezkondu egingo zaituzte.

- Zer demontrez ari zara?

- Ezkondu egingo zaituzte.

Alargunak erabakita dauka zu zarela haundiarentzako gizon egokia.

Ezkongabea, kanpotarra, inork ez zaitu ezagutzen, ez daukazu familiarik, eta barkatu min ematen badizut, literato guztiek bezala, zu ere ilargian bizi den horietako bat izango zara, beraz ez zara inoiz alargunaren negozioetan sartuko.

Zuri senar kiratsa darizu.

- Burutik egin zaizu.

Nola bururatu zaizkizu ergelkeria horiek?

- Ezagun du ez zarela inguru hauetakoa, bestela honezkero konturatuko zinen.

Pentsa: mezatan haundiaren ondoan esertzen zaituzte, mahaian haundiaren ondoan esertzen zaituzte, arrosariorako, berriro ere, haundiaren ondoan.

Eta nork garbitu eta lisatzen dizu arropa?

Haundiak. Nork atontzen dizu ohea eta ipintzen dizkizu loreak gelan?

Haundiak. Ikusi al duzu zer ari den brodatzen?

Maindireak, adiskide. Ezkon-maindireak.

Hemengo ezein emakumek ez du hori egiten bere senargaia ez den gizon baten aurrean.